XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LOJAMENDUAK Euskal Herrian barrena ibiltzean konpondu beharreko lehenengoetariko arazoa, lojamenduarena da, non lo egitearena alegia.

Nik ezagutzen ditudanak kontatuko dizkizut ondorengo orrialdeetan; hala ere zure etxetik hurbilen duzun Informazio Zentruan (Ikus AGENDA) guzti horien eta beste zenbaiten berri emango dizute.

Kapitulu honetan (LOJAMENDUAK) adierazten dizkizudan lojamendu motak, Gidaren bukaeran aurki dezakezun mapan ikus ditzakezu.

Eman begiradatxo bat eta ikusiko duzu zein argi azaldurik dauden!.

KANPINAK 18 urte baino gutxiagoko 10 lagunetik goragoko taldeek, Nafarroako Foru Komunitatean bi gau baino gehiago eginez gero, edo 6 lagunetik goragoko taldeek, 3 gau baino gehiagotan Euskadiko Autonomi Elkartean akanpatuz gero, 1986.eko apirilaren 11ko Boletín Oficial de Navarra delakoan eta 1985.eko ekainaren 29ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Dekretuek diotena bete behar dute.

Aurreko arauetatik kanpo bazaude eta zure gisara akanpatu nahi baduzu, eska iezaiozu baimena lurraren jabeari edota dagokion Udalari.

Iparraldean, akanpada librea debekatuta dago ofizialki, baina batzuk bide hau hartzen dute, lurraren jabeari baimena eskatu ondoren.

Akanpada librea delako hori arriskutsuegia irudituko balitzaizu eta erosoxeago ibili nahi izango bazenu gure Herrian zehar dauden kanpinetara jo dezakezu.

Joan aurretik dei ezazu telefonoz lekurik izango al duzun jakiteko, bestela ezusteren bat izan dezakezu, batez ere kostaldeko kanpinetan.